Gizarte zuzenago eta kohesionatuago bat eraikitzean parte hartzeko erronka onartzen dugu, elkarlanaren eta gizarte-eraginaren bidez, eta herritartasun globala bultzatuz, nazioarteko lankidetza- eta sentsibilizazio-programen bidez.
Inguruan daukagun gizartearekiko ikuspegi berriak bilatzen ditugu, injustiziaren kausa eta ondorioen analisia eginez, alternatibei buruz hausnartuz, erantzunkidetasun, solidaritate eta errespetuzko balioak transmitituz, eta pentsamendu kritikoa sorrarazten saiatuz. Gure esperientzia eta bazterketa-prozesuak zuzenean bizi dituzten horiena partekatzen dugu, eta komunikabideen bidez, informazioa eman eta mobilizaziora deitzen dugu.
Gizarte-partaidetza
Misioarekin konprometitutako boluntariotza aktiboa sustatzen dugu; gure ustez, boluntariotza da gizarte-kontzientzia eta -eraldaketa lortzeko motorra.
Ikuspegi horretatik, boluntarioak erakundearen jardueretan sartzea errazten da, eta boluntariotza soziala sustatzeko ekintzak garatzen dira (topaketak,
prestakuntza-jardunaldiak, beste erakunde batzuekiko lankidetza…).
Jardunaldiak, mintegiak, topaketak eta bestelako jarduerak antolatzen ditugu eta horietan parte hartzen dugu, sentsibilizatzeko, egindako lana zabaltzeko eta partekatzeko, ezagutza sortzeko eta bazterkeria eragiten duten egoerak salatzeko.
Hirugarren sektoreko sare eta plataformetan aktiboki hartzen dugu parte. Gizartean parte hartzera, salaketa egitera eta eskubideak erreklamatzera animatu nahi dugu.
Eta sentsibilizazio, salaketa eta eragin sozialeko jarduera komunitarioak sustatu eta horietan parte hartzen dugu, hala erabiltzaileekin nola erakundearen oinarri
sozialarekin, zaurgarritasun-egoeran dauden kolektiboen ahotsa altxatzeko eta haien arazoak ikusarazteko, eta gizarte zibilarekin elkarrizketa-espazioak sortzeko.
Nazioarteko proiektuetan, gizarte- eta hezkuntza-proiektuetan eta garapen-proiektuetan parte hartzen dugu, haurrek eta gazteek jasaten dituzten bidegabekeria-egoerak eraldatzeko borrokan, gure proiektuei lotuta.
Herritar globalen parte sentitzen gara; hori dela eta, uste osoa dugu hezkuntza prozesu bat dela eta garrantzitsua dela gure eguneroko esku-hartzean giza eskubideen, kulturartekotasunaren, generoaren eta iraunkortasunaren ikuspegia txertatzea.
Proyde-Proega-ren sentsibilizazio-kanpainak zabaltzen laguntzen dugu, eta Afrikako eta Latinoamerikako herrialdeetan antolatzen diren udako nazioarteko boluntariotza-programak sustatzen ditugu.
Tangerko Lerchundi Etxeari babesa
Proiektuak zaurgarritasun-egoeran dauden familietako adingabeen garapen integrala sustatzen du, gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzearen bidez (eskola-laguntza, balioetan oinarritutako hezkuntza, aisialdia eta denbora librea) eta garapenaren hainbat eremutako prestakuntzaren bidez, bai eta familian esku hartuz ere, beste erakunde batzuekin koordinatuta, haien bizi-kalitatea hobetzeko.
Eguneko Zentroan arreta eskaintzen zaie familia horietako seme-alabei ordutegi ezberdinetan, beharrizanen arabera, beharrezko eskola-materiala emanez, eta helduekin ere egiten da lan, orientazioa eta prestakuntza eskainiz. Sarean lan egiten da, gizarte-bazterkeriaren prebentzioa eta Tangerko biztanleen giza eskubideak bete daitezela bilatuz.
Partzuergoa Proyde-Proega Fundazioarekin
Elkarbanatuz eta PROYDE-PROEGA Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmenaren bidez, beste herrialde batzuetako garapen-proiektuen heziketan, sentsibilizazioan, plangintzan, koordinazioan eta gauzatzean laguntzen dugu.
Azken proiektuak PRODESSA Elkarteak garatu ditu (Santiago Garapen Proiektua), Guatemalako GKE lasalianoak.
Akwaba Afrika kanpaina:
Elkarbanatuzekoek adingabeen hezkuntzarako sarbidea sustatzearen eta gazteei lana bilatzen laguntzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu. Inguru hurbilean gauzatzen ditugun proiektuez gain, egoera ahulean dauden Afrikako adingabeei laguntzen jarraitu dugu, hala nola Marokon eta Boli Kostan.
Languntzaileak:

