Gobernantza eta parte-hartzea

Joan den ekainaren 6an, Elkarbanatuz-ek, EAPN Euskadi osatzen duten beste erakunde batzuekin batera, sare horrek urtero antolatzen duen Partaidetza Topaketan parte hartu zuen. Edizio honetan gobernu onerako, digitalizaziorako, gardentasunerako eta herritarren partaidetzarako dauden tresnak ezagutzera eman ziren.

Harrera Olatz Garamendi Gobernantza Publikoa eta Autogobernua Sailburuak egin zion eta joan ziren Jon Urbina, Erakunde Harremanetarako sailburuorde, Matxalen Lauzirika, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaria eta Miren Martiarena, Gobierrno Irekiaren Zuzendaria, baita talde teknikoaren zati bat ere.

Jardunaldian zehar, bertaratutakook tresna horiek bertatik bertara ezagutzeko aukera izan genuen, baita talde txikietan parte hartzeko ere, zalantzak azaltzeko, askatasunean galdetzeko eta elkarrizketa irekia ezartzeko.

Asilan eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutu ahal izan genituen; parte-hartze prozesuek gure bizitzetan duten eraginaz eztabaidatu eta esperientziatik proposamenak egin, zerbitzu horiek nola hautematen ditugun kontatuz.

Parte-hartzea sustatzeko modu eta bide asko daudela jakinda, eskuragarri zeuden aukerak ezagutarazteko, espazioak sortzeko eta pertsona guztien egoeretara egokitutako metodologiak probatzeko beharraz hitz egin zen. Esan zen entzutea ezinbesteko elementua dela parte hartzeko prozesu guztietan, eta arazoak eta beharrak aztertzeko beharra azpimarratu zen, gizarte-politika eraginkorrak diseinatzeko.

Amaitzeko, nabarmendu zen oso garrantzitsua dela zerbitzuetarako sarbidea berdintasunez eta oinarrizko eskubide eta askatasunekiko errespetuz bermatzea; oztopoak, indarkeriak eta diskriminazioak murrizten laguntzea; eta politikak horiek prebenitzera eta konpontzera bideratzea.