Badakigu, neurri handiagoan edo txikiagoan, ohitura osasungarriek osasun fisikoa eta emozionala zaintzen laguntzen dutela, pertsonek patologia mentalak izan ala ez. Ideia horrekin bat etorriz, Bizitza Autonomoari Laguntzeko Zerbitzuan, bai egoitza-baliabideetan, bai eguneko zentroetan, pertsonak motibatzen ditugu bizimodu osasungarriak landu ditzaten, etorkizunean eguneroko bizitzarako lagungarriak izan daitezen. Kasu gehienetan egoitza-baliabide batean elkarrekin bizitzeko autonomia nahikoa duten pertsonak badira ere, beharrezkoa ikusten da alderdi horiek indartzea, eta hori, bestalde, populazioaren zati handi batek partekatzen du.
Elikadura zaintzea lehentasunetako bat da eta, horregatik, menu osasungarriak eskaintzen dira, pertsona bakoitzaren beharretara egokituak. Bestalde, egoitza-baliabideetan, elikadura-ohiturak hobetzen dituzten zereginak eta trebetasunak garatzen laguntzen da: sukaldaritza-teknikak, errezeta-liburuak ezagutzea, erosketa antolatzea, menu orekatuak diseinatzea, higienea, etab. Antolamendu eraginkorra ziurtatzeaz eta bizikidetza errazteaz gain, pertsonen autonomia-mailak areagotzea eta nork bere burua zaintzeko jarraibideak eskaintzea bilatzen da.
Bestalde, ariketa fisikoa da pertsonen bizi-kalitatea nabarmen hobetzen duen beste jardunbideetako bat. Horregatik sustatzen dugu pertsonak ahalik eta aktibo mantentzea, bai kanpoko proposamenen bidez (Ibiltarien Sarea, adibidez), bai gure zerbitzutik antolatutako jardueren bidez (eguneroko paseoak egoitza-baliabideetan eta larunbat goizetan programatutako irteerak).