
Gizarte Eragineko Zerbitzuaren jarduera-programaren barruan, urtarrilean sentsibilizazio-jardueretan parte hartu genuen hainbat pertsona-talderekin, hala helduekin nola gazte eta nerabeekin.
Alde batetik, Irunen hitzaldi bat eskaini genien Irungo La Salleko hezkuntza komunitateko taldeari. Guztira 20 pertsonak, 8 emakumek eta 12 gizonek, bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten Elkarbanatuzek garatzen duen lana, bereziki egoera ahulean dauden pertsonen prestakuntzarekin eta enpleguarekin lotutako ekintzak.
Bestalde, Bilbon esperientziak partekatzen ditugu Deustuko Salestarren ikastetxeko bigarren hezkuntzako ikasleekin. Ikastetxe honekin, duela urte batzuetatik hona, gizarte-bazterkeriari, kalteberatasunari eta, bereziki, migrazio-prozesuei buruzko sentsibilizazio-kanpainetan parte hartzen dugu. Urtarriletik otsailera bitartean, guztira, 84 neska-mutilek parte hartuko dute jarduera horietan.
Azkenik, eta baita Bizkaian ere, Leioako Claret Askartza ikastetxeak gidatutako proiektu batekin bat egiten dugu, ikasturte osoan zehar luzatuko dena. ZAINTZA leitmotiv gisa hartuta, bigarren hezkuntzako 4. mailako ikasleek gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko erakundeekin harremanetan jartzeko aukera dute ekimen honen bidez. Helburua da gazteei erakustea guztion ongian oinarritutako gizarte-ereduaren aldeko apustua egiten duten esperientziak.