Joan den ekainean amaitu zen administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonei zuzendutako aldi baterako bizileku- eta lan-baimenak eskatzeko epea. Ezohiko erregularizazio-prozesu hori ez zen 2005etik egiten.
Kanpaina apirilean hasi zen, eta hautagaiek baldintza zorrotzak bete behar zituzten; besteak beste, lurralde nazionalean gutxieneko egonaldia egin izana eta aurrekari penalik ez izatea.
Tramitazioa errazteko, neurria indarrean egon den bi hilabeteetan, Elkarbanatuzeko jarraipen sozialeko taldeak informazioa eta laguntza eman die hainbat pertsonari prozesuan. Horretarako, beharrezkoa izan zen aldez aurretik talde profesionala prestatzea.
Gaur egun, aholkularitza jaso duten pertsonen espediente gehienak izapidetzeko onartu dira. Behin-behineko dokumentu horrek legezko ahalmena ematen die lurralde nazionaleko edozein sektore eta puntutan bizitzeko eta lan egiteko, behin betiko ebazpena ematen den bitartean. Behin hori lortuta, urtebeteko indarraldia duen identifikazio-txartela lortuko dute. Baimen horrek oinarrizko eskubideak eskuratzeko aukera emango die, hala nola osasun-sistema, gizarte-laguntzak eta legez herrialdera irten eta itzultzeko aukera, familiak bisitatzeko.
Ezohiko prozesu horrek, xede diren atzerritarrak gizarteratzeko aukera emateaz gain, ikusgarritasuna, segurtasun juridikoa eta eskubideen eta betebeharren esparru orekatua ematen ditu, indarrean dagoen lege-sistemaren barruan.